XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

FILOSOFIA POLITIKORAKO IRAKURKETAK II

FENOMENOAREN BERRERAIKETA SINTETIKOA

Eginkizun honi ekiteko, lehendabizi oker guztiak, hala afektiboak nola logikoak, argitu behar dira.

Fenomeno politiko zehatzak azaltzen saiatzerakoan, ezin egin daiteke arrazonamendurik, baldin eta, zoritxarrez gaur egun maiz egiten den eran, irakurleak arrazonamenduaren zati bat bereganatzen badu bere joera sutsua justifikatzeko, edo bere joera hori dela eta, arrazonamenduari kontra egiten badio.

Esaterako, huts-hutseko boterearen kontzeptutik antolakuntza-printzipio bezala egoismo menperatzailearen apologia ondorioztatzen baldin badu, zera esan nahi du honek, kontzeptu honetan halako apologiarako hazia aurkitu nahi dela;

edo, bestela, boterea, jatorriz txartzat hartuz, ikaragarrizko indar kaltegarritzat jotzen baldin badu, asmo hau jada autorearengan zegoela suposatzen da.

Kontzeptu abstraktu batetik abiatzen garela ulertu behar da, zehatz-mehatz mugatua dagoena, hortik gero errealitate konplexura itzuli ahal izateko, ikerketa logiko eta jarraien bidez.

Gure helburuarentzat, ez da esentziala oinarrizko kontzeptua egiazkoa izatea, egokia baizik, hau da, benetan behatzen dugun ororentzat azalpen koherente bat lortzeko egokia.

Horrela gertatzen da zientzia guztietako ikerketekin, guztiek baitute oinarrizko kontzeptuen beharra, lerroa eta puntua, esaterako, edo masa eta indarra.

Ezin espero daiteke, ordea, eta hemen datza egon daitekeen bigarren ez-ulertzea, guk disziplina handien zehaztasuna lortzea, horien artean zientzia politikoa beti azpian egongo baita.

Pentsamendurik abstraktuena ere irudien bidez gidatzen baldin bada, irudiek gobernatzen dute ere zeharo pentsamendu politikoa.

Metodo geometrikoa hemen artifizioa eta iruzurra litzateke.

Ezin adieraz dezakegu ezer botereaz edo gizarteaz, kasu historiko zehatzak gure irudimenera agertu gabe.

Gure ahaleginaren asmoa boterearen bilakaera berregitean, ez da, beraz, historiarekin batere zorrik ez duen dialektika jorratzea, ezta ere, ordea, laburpen historikoa egitea; gure asmoa botere historikoaren izaera konplexua deskorapilatzen saiatzea da, kausak idealki sinplifikatuak dituzten milaka urteko ekintzak aztertuz.

Hitz batez, hemen soil-soilik giza-talde handietako botereaz arituko garela ulertu behar da.

Huts-hutseko boterea agintean datzala esan dugu, bere baitan existitzen den agintean.

Nozio honek agintea ondorio bat delako sentimenduaren kontra jotzen du.

Biziki zabaldua dagoen sentimendu honen arabera, kolektibitateak, bere burua zuzentzeko beharrak bultzatua, buruzagiak osatzeko bideak jartzen ditu, eta prozesu horren ondorio litzateke agintea.

Nekez justifikatzen da, ordea, agintea ondorio bat dela.

Suposatzen diren, eta egiaztagaitzak diren, bi hipotesiren artean metodorik osasungarrienak xumeena aukeratzea aholkatzen du.

Eta errazagoa da bat edo gutxi batzuk irudikatzea agintzeko borondatearekin, ezen guztiak obeditzeko borondatea dutela imajinatzea baino;